webgunearen mapa     eu | es    
Uraren erabilera iraunkorra Gipuzkoan
0
0 0 0
Ur horniketa eta eskariaren egungo egoera

Diagnostikoa eta gabeziak

1.- DIAGNOSTIKOA

HORNIKETA
  • Guztira 50 biztanletik gorako herrietara ura eramaten duten 96 horniketa sistema antzeman ditugu. 96 sistema horietatik 9 udalez gaindikoak dira, eta horiek zenbait udalerri hornitzen dituzte; 16 udalean udalekoak dira eta ia udalerri osoa hornitzen dute, gainontzekoak herri txikiagoak edo auzoak hornitzen dituzte modu bereizian. 96 sistema horietatik 12k ura hornitzeko arazoak izaten dituzte lehorte handiak gertatzen direnean.
  • Kalitatearen ikuspuntutik, 96 sistema horietatik 71k ez dute horniketaren kalitatea segurtatzen edateko uraren tratamendurako estazio baten bidez. Horrek esan nahi du Gipuzkoako biztanleriaren % 15ek ez dutela kalitate hori segurtaturik. Era berean, biztanleriaren % 13k kalitate gutxiko ura hartzen du, % 1ek kalitate jasangarrikoa, % 1ek ez du daturik eta biztanleriaren gainontzekoak kalitate oneko ura jasotzen du.
  • Bestalde, ur deposituek bete behar duten eginkizun bikoitza aztertu da, hau da, emari puntarako gaitasun horniketa eta suteen kontrako arautegia betetzeko behar den ur bolumena biltzeko gaitasuna. Analisi horretatik ondorioztatzen dugunez, adierazi behar dugu 32 deposituk defizita dutela eguneroko emari puntari erantzuteko, eta 46 deposituk ez dutela gaitasun nahikorik suteen kontrako arautegia betetzeko.
  • Ur hoditerian gerta daitezkeen matxura edo hausturaren ondoriozko zaurgarritasunaren azterketa egin delarik, aipagarri gertatzen da Aņarbeko sistemaren egoera, zerbitzatzen duen biztanleriaren kopurua, hoditeriaren luzera, urtearen eta urtegia eta edateko uraren tratamendurako estazioaren arteko loturaren egoera kontuan izanik. Gainontzeko sistemek zaurgarritasun txikiagoa dute argi eta garbi, eta horietan zaurgarrienak udalez gaindiko sistemak dira, baina balorazioari dagokionez betiere Aņarbeko sistemaren azpitik daude.
  • Ura erreka eta iturburutik zuzenean eta erregulaziorik gabe hartzen duten sistemetan hartune horiek ingurumenean nolako eragina duten zehaztasunez ezagutzen ez bada ere, esan daiteke sistema horiek errekak agorturik uzten dituztela lehorteetan hartunetik behera. Beraz, oro har gomendatu behar duguna da lehorteetan urik ez hartzea erreka horietan, baldin eta uraren horniketarako beste aukera batzuk badaude. Ur horniketarako urtegiek ingurumenean duten eragina hobeto ezagutzen da, eta horien eragin kaltegarriak arindu daitezke urtegitik behera gorde behar diren emari ekologikoak kontrolatuz.
  • Deposituetatik etxeetara egiten den uraren banaketarako sareak herrian herrikoak izaten dira beti, nahiz eta udalerri batzuen mugetan biziguneak egon. Sare horietan kontrolatu gabekoen ehunekoa oro har handia da, eta ondorioz ur ihesaren ehunekoak ere handiak dira. Premiazkoa da, beraz, horiek gutxitzea, herrietan ur kontsumo eramangarri lortzeko.


UR ESKARIAK

  • Herrietako ur kontsumoaren gorabeherak ondo ezagutzen dira, depositu irteerako kontsumo baxuari zein altuari dagokienez; ezagutzen dira, beraz, kontrolik gabekoen ehunekoak. Lortutako datuak ez dira homogeneoak, hortaz premiazkoa dirudi Gipuzkoako lurralde osoko datuak sistematizatzea. Bestalde, kontsumoaren datua lortzea zaila gertatzen da udalez udal sakabanatzen delako; ondorioz, gomendagarria gertatzen da datu hori urteko mailan ia modu automatikoan atertzea, estatistikaren arloko ikerlanak egin eta kudeaketarako adierazleak zehaztu ahal izateko.
  • Deposituen irteerako kontsumoaren datua ezagutzen ez duten udal asko dago, eta beste batzuek ez dute inolako daturik ur kontsumoari buruz.
  • Kontrolik gabekoen ehunekoak oso handiak dira Gipuzkoan; premiazkoa da, beraz, kudeaketa hobetzea, bai abonatuak neurtzeari dagokionez bai ur ihesak murrizteari dagokionez. Horren guztiaren harira, Lurralde ikuspegitik begiratuz, 2001etik 2004rako bilakaera positiboa izan da.
  • Eskuan ditugun datuen arabera, eskari eredu bat zehaztu ahal izan dugu, eta hori etorkizuneko kontsumoa kalkulatzeko estrapola daiteke, nahiz eta kontsumo hori modu esanguratsuan areagotu daitekeen batez ere emigrazioaren ondorioz Gipuzkoako hainbat eskualdeetan biztanleriak izan dezakeen gehikuntzaz.
  • Urtean 2.000 m3-tik gorako ur kontsumoa duten 293 industria kontatu ditugu guztira; beste 61 industrien kontsumorik ez da ezagutzen ordea, baina aurreikusten dugunez aurrean aipatutako zenbateko hori ere gainditu egiten dute. Premiazkoa da, beraz, 354 industria horien ur kontsumoari buruzko datuak eguneratzea eta jarraipena egitea.
  • Industriek ibai, iturburu, putzu, eta abarretatik hartzen duten uraren kontsumo industriala ezagutzen da gutxi gorabehera. Baina egoera hori aldagarria gertatzen da denboraren arabera, batzuetan jarduerak itxi egiten direlako, prozesu industriala aldatu egiten delako, eta abar. Beraz, datu hori etengabe eguneratu beharra dago.
  • Gipuzkoako industriak guztira kontsumitzen duen ura kalkula daiteke.
  • Abelazkuntzaren kontsumoa oro har Gipuzkoan ez da garrantzitsua, baina udalerri batzuetan kontsumo hori handiagoa da udalerrian bertan kontsumitzen dena baino. Abelazkuntzako ur kontsumoaren barruan, garrantzitsuena abelgorriarena da. Kontsumo hori abere buru bakoitzaren kontsumoaren arabera zehazteak ez dirudi zuzena, esne-behiak behar duen ur kontsumo handiagoa ez delako ebaluatzen behar den modura.
  • Laborantza lanetarako lurra ureztatzearen kontsumoa ez da kontuan hartzeko modukoa Gipuzkoan, eta ez dago ofizialki eratutako inolako ureztatzaileen komunitaterik. Lurrak ureztatzeko kontsumoa golf zelaietan eta lurzati pribatuetan baino ez da ematen.


2.- DEFIZIT ETA GABEZIA NAGUSIAK





HORNIKETA
  • Gutxieneko ur emari bat bermatzea. Horrek batez ere honakoak hobetzeko azterlanak egitea eskatzen du: Aiako udalerriaren horniketa; Belauntzako udalerriaren horniketa; Oriako sistema konpontzea Amundaraingo isuraldatzearekin; Txingudiko sistemari konponbide bat ematea Jaizkibelgo putzuekin.
  • Uraren kalitatea bermatzea:Kalitate baxuko hartuneak kenduz; Udal eta biziguneetako edateko uraren tratamendurako estazioak jarriz.
  • Ur biltegiak hobetu behar dira, emari puntetan eta suteen kontra behar diren gutxiengo bolumenak bermatzeko.
  • Aņarbeko sisteman hausturaren bat gertatuz gero, ur hornidura bermatzeko moduak aztertu behar dira, adibidez, larrialdietan Urkuluko sistema Aixola eta Pol-pol sistemetatik hornituz.
  • Udalez gaindiko sistemetatik hornitzen diren herrietan beren hartuneak kentzea, horniketarako hartuneak dituzten ibaietako ingurumen eraginak gutxitzeko.
  • Banaketa sareetan dauden kontrolik gabekoen ehunekoa gutxitzea.
  • Hiriko ehunek lotura geografikoa duten udalerrietan udalez gaindiko sareen tratamendua ematea banaketa sareei.


UR ESKARIAK
  • Hazkunde demografikoa migrazio fluxuen arabera eguneratu beharra.
  • Ur kontsumoa neurtzeko kontzeptu desberdinak sistematizatu beharra.
  • Kontrolik gabekoen ehunekoak, onartzeko moduko balioetara gutxitu beharra.
  • Hiri guneetara zerbitzatzen den ura biltegietan ondo neurtu beharra.
  • Gipuzkoako udalerri guztietan ur kontsumoa neurtu beharra.
  • Urtean 2.000 m3-tik gorako kontsumoa duten enpresen kontsumo industriala eguneratu beharra.
  • Abelazkuntzarako ur hornidura ondo neurtu beharra.





Bidali zure iritzi eta iradokizunak


0 0
0
  © 2006 Foru Administrazioaren Kalitaterako Departamentua · Gipuzkoako Foru Aldundia ·  lege-informazioa gipuzkoa.net