webgunearen mapa     eu | es    
Uraren erabilera iraunkorra Gipuzkoan
0
0 0 0
Saneamenduaren egungo egora

Diagnostikoa eta gabeziak

1.- DIAGNOSTIKOA

Gipuzkoako eraikinen egoerari buruzko azterketa bat egin dugu, saneamenduaren gaiaren gainean dagoen ezagupen maila jakiteko, eta hiriko saneamendu sareei buruzko udal informazioa hodi biltzaileei buruzkoarekin lotu dugu. Azterlan horretatik honako ondorioak atera ditugu:

  • Azterlanean 144 bizigune hartu ditugu kontuan, eta horietan 637.145 biztanle bizi dira guztira, hots, lanak Gipuzkoako biziguneen % 50 ukitzen ditu, baina biztanleriaren % 94,6. Oro har gainontzeko biziguneak, Oiartzun, Aia, Ataun, Berastegi, Belauntza, Errezil, Hondarribiko Jaizubiako golf zelaiaren inguruak, eta abar izan ezik, landatar zonetakoak dira. Horietan antzeman dugun informaziorik eza, batez ere hiriguneetakoa, nabarmena da.
  • Saneamendu sareari buruzko udal informazioa nahiko heterogeneoa da, batzuetan ez oso betea eta beste batzuetan zaharkitua. Udal sareei buruzko informazioa homogeneizatu eta eguneratu beharra dago.
  • Industriako isurketen egoerari buruzko inolako informaziorik ez dago, ez eta isurketa horiek udalen edo bestelako instituzioen saneamendu sarearekin duten konexioei buruzkorik ere.
  • Bizigune garrantzitsu batzuek, 500 lagunetik gorakoak, ez dute loturarik saneamenduko sistema orokorrarekin. Horietako batzuek, gainera, ez dute horretarako proiekturik, ez eta sistema autonomoak eratzeko ere. Horren harira, aipagarri dira Antzuola, Mendaro, Berastegi, Pasai Donibane, Elgeta, Oikia, eta abar.
  • Hainbat bizigunetako auzo garrantzitsuetan kolektore nagusiekin lotzeko arazoak daude, hala nola, Donostiako Eskalantegin, Errenteriako Alabergan, Irungo zona batzuetan, Andoainen, eta abar.
  • Ibai batzuetako zatiak estali egin dira, arroak hiritartuz. Hala, horiek ia-ia euri-uren kolektore bihurtu dira, eta eman zaien saneamendu konponbidea ez da behar bezalakoa izan, horien bidez ibaietara isurketa kutsatzaile garrantzitsuak egiten direlako. Uholdeak gertatzen direnetan ere arazoak sortzen dira ohiz leku horietan.


Gaur egun hondakin uren 9 araztegi daude abian: Txingudi, Legorreta, Zarautz, Urola Garaia, Badiolegi, Zumaia, Getaria, Deba-Itziar eta Mutriku. Laster abian jartzeko moduan daude beste 2: Loiola eta Apraiz. Beste 3 (Epele, Bergara eta Aduna), ordea, eraikitzen edo proiektuan daude.

Hondakin uren araztegiek sortzen duten lokatzen arazoari irtenbide bat bilatu behar zaio. Orain lokatz horiek oro har hiriko hondakin solidoen isurtegietara eramaten dira. Gaur egun Gipuzkoan birplanteatzen ari dira hiriko hondakin solidoei eman behar zaien amaierako tratamendua, eta horri begira balorazio energetikorako, erraustegia, zentral bat egitea proposatu da Gipuzkoa osorako; hori non kokatuko den egungo eztabaidagaia da. Araztegietan sortzen den amaierako hondakina Gipuzkoan hiri hondakin solidoen bolumen osoaren % 10 da, beraz horren egokiera oso lotua dago hiri hondakinari emango zaion konponbideari. Hiri hondakin solidoen azken destinoa zehaztu ondoren, lokatzei emango zaien amaierako tratamendua jakingo da, eta ondorioz hondakin uren araztegietan erabiliko tratamendua.

2.- DEFIZIT ETA GABEZIA NAGUSIAK

  • Egungo udal sarea eguneratzea.
  • Industriaren konexioak eta isurketak zehaztea eta saneamendu sare nagusietara lotzen saiatzea.
  • Hirietako zonak kolektore nagusien sare edo izaera autonomoko hondakin uren araztegietara lotzea.
  • Hiriz kanpoko zonak eta hiri edo auzoetako ibai estalietako euri-uren kolektoreei behar bezalako tratamendua ematea.
  • Abelazkuntzako ustialekuak kontrolatzea eta horietako mindak arazteko eta desegiteko sistemak aztertzea.
  • Hondakin uren araztegietako lokatzek behar duten tratamendua zehaztea, hiri hondakin solidoak desegiteko aukera zehaztu ondoren.





Bidali zure iritzi eta iradokizunak


0 0
0
  © 2006 Foru Administrazioaren Kalitaterako Departamentua · Gipuzkoako Foru Aldundia ·  lege-informazioa gipuzkoa.net