webgunearen mapa     eu | es    
Uraren erabilera iraunkorra Gipuzkoan
0
0 0 0
Baliabide hidrikoak eta egoera larriak

Diagnostikoa eta gabeziak

1. DIAGNOSTIKOA

BALIABIDE HIDRIKOAK



  • Zehaztasun osoz ezagutzen dira ibai sareko edozein gunetako baliabide hidrikoak, Eusko Jaurlaritzaren Plangintza Hidrologikorako Bulegoarentzat Valentziako Unibertsitateak egindako TETIS ereduari esker. Kalkulatutako baliabideak hainbat eta fidagarriagoak dira aztergai den guneko arro hidrografikoa zenbat eta handiago izan, nahiz eta ereduak oraindik neurtze arazo batzuk izan Lurraldeko zenbait zonatan.
  • Gipuzkoako lur azpiko baliabide hidraulikoak ere ondo ezagutzen dira, aprobetxamendu maila oso garrantzitsua ez bada ere.
  • Herriak eta industriak hornitzeko eta produkzio hidroelektrikorako erabiltzen diren baliabide hidraulikoak ondo kalkulatuta daude. Alabaina, balio horiek etengabe eguneratu beharra ikusten da, batez ere industriaren eta produkzio hidroelektrikoaren hartuneak ere etengabe aldatzen direlako.
  • Plubiometria sarea, baliabidea neurtzeko TETIS ereduaren oinarri, egokia da Gipuzkoan; hala ere, premiazkotzat jotzen da datuaren kalitatea hobetzea, batez ere eskuko gailuak automatikoetara aldatzerakoan. Beharrezkotzat jotzen da, berebat, Gipuzkoako erdialdean neurtzeko gune gehiago jartzea.
  • Neurtze estazioen sarea funtsezkoa da baliabide eredua kalibratzeko, urtegiak kudeatzeko eta uholdeetan alarmak gestionatzeko. Estazio sare hori handia da Gipuzkoan, baina datuaren kalitatea areagotzeko estazio batzuetan hobekuntzak egin beharra ikusten da: neurketa bikoitzak eta estazio kopurua areagotzea, 100 km2-tik gorako arro guztiak kontrolatzeko.
  • Lur azpiko uren kalitatea eta kantitatea kontrolatzeko sarea egokia da Lurralde osoan.
  • Badago baliabide arautu berri bat: araztegietako isurketa urak; horiek ez dute zuzenean itsasora jotzen, eta tratamendu egokia emanez gero, berriro erabili ahal izango lirateke industria hornitzeko, eta abar. Ur horiek aprobetxatuz gero ibaietako ur emari garbia areagotzeko aukera egongo litzateke.


EGOERA LARRIAK

  • Lehorte aldiak ondo ezagutzen dira estatistikaren arloan. Igeldoko estazioak dauzka datu gehien, ia 130 urtetan zehar egunero-egunero jaso baitituzte euri-jasen datuak bertan. Lehorte aldiei buruz hilez hileko datuak ezagutzeko, adierazle batzuk ateratzea baino ez da falta.
  • Prezipitazio eta tenperaturari dagokienez lehorte aldiak noiz ematen diren jakinda, eta dauzkagun baliabide ereduak dauzkagula, ekarpen erregimena jakin daiteke eta larrialdi egoeretarako behar diren alarmak zehaztu daitezke.
  • Euri erauntsi larriei buruzko ezagupena erlatiboagoa da. Printzipioz, nahiko zehaztasun handiz ezagutzen dira kalteak eragin ditzaketen euri erauntsien zenbatekoa eta banaketa; are gehiago, hamar minutuan eroritako prezipitazioaren arabera alarma mailak finka daitezke. Alabaina, ez dugu ezagutzen ekaitzen banaketa espaziala nolakoa den eta ez herrialdearen barruan zer bide hartzen duten, nahiz eta mendebaldetik ekialdera eta ibarraren zentzuaren araberakoa izaten den itxura eman.
  • Euri erauntsi handiak direnean ibaietan izaten duten eragina ezagutzen da, erlatiboki bada ere. Beraz, ia neurtze gune gehienetan alerta mailak zehaztu daitezke uholdeetarako. Zenbait uberketan gertatzen diren uholdeek zein lur sail ureztatzen duten ere ezagutzen da, baina ur horiek beren onera noiz itzultzen direneko probabilitatearen ezagupena erlatiboagoa da. Ureztatzen diren lur sailen arloan, ez da zehaztu horiek duten arriskua, ez eta eragin dezaketen kaltea ere, nahiz eta uholdeen kontrako defentsaren politika eramangarriaren oinarri izan.
  • Euri erauntsiaren eta ureztatzearen arteko erlazioa ez dago behar bezala neurtuta; beharrezkoa da, beraz, lan horretan sakontzea, horrela egiteak aukera emango lukeelako euri jasaren ondoriozko uholdeak eta urak bere onera itzultzeko aukera elkarrekin lotzeko.
  • Erabat heterogeneoa da biziguneek duten uholde arriskuaren kontrako defentsa maila. Hortaz, premiazkoa da zona horietako arriskua gutxitzeko eta homegeneizatzeko politika bati ekitea, betiere uholde arriskuak ebaluatu eta kudeatzeko zuzentarau edo arteztarau berriko (onespen fasean dago) irizpideekin bat etorriz. Lurraldea antolatzeko politiken premia ikusten da, ibaien inguruko guneak mantendu eta errespetatuz uholdeetan hustuketak bermatzeko eta ibaien egoera ekologikoa zaintzeko.




2. DEFIZIT ETA GABEZIA NAGUSIAK

BALIABIDE HIDRIKOAK

- Baliabide ereduak hobeto kalibratu behar dira.

- Publiometria sarea zabaldu egin behar da Gipuzkoako erdialdean.
  • Ereņozu, Aņarbe eta Oiartzungo neurtze guneetako emariaren neurketa hobetu beharra dago.
  • Neurtze guneen sarea zabaldu beharra ikusten da 100 km2-tik gorako arroetan.
  • Ur araztuak industrian erabiltzeko aukera aztertu behar da.


EGOERA LARRIETAKO GABEZIAK

- Lehorte aldien adierazleak zehaztu behar dira.

- Uholdeei dagokienez:
  • Euri urak jariatzeko eredua hobetu behar da, hidrogrametan zehaztutako ibilbideak zuzenduz.
  • Uholdeek ureztatutako lur sailak zehazten dituzten kurbak hobetu behar dira.
  • Abiadura-sakonera binomioaren arabera arrisku mapak zehaztu behar dira.
  • Uholdeen kontrako defentsa politika zehaztu behar da uholdeari lotutako arriskuaren arabera.
  • Ibai inguruetan berezko espazioak errespetatu behar dira, eta horiek gutxienez ere huste trinkorako adinakoak izan beharko lirateke.





Bidali zure iritzi eta iradokizunak


0 0
0
  © 2006 Foru Administrazioaren Kalitaterako Departamentua · Gipuzkoako Foru Aldundia ·  lege-informazioa gipuzkoa.net