 |
 |
 |
Ingurune akuatikoaren kalitatea Gipuzkoan
Diagnostikoa eta gabeziak
1. DIAGNOSTIKOAURAREN INGURUNEA
-
Gipuzkoako lur azaleko sare hidrografikoa 6 arro handitan edo unitate hidrologiko nagusitan banatzen da: Bidasoa, Urumea, Oria, Urola eta Deba. Oriako arroak lurralde osoaren % 40 hartzen du. Badaude lur eremu txiki batzuk ukitzen dituzten beste unitate hidrologiko batzuk ere, hala nola, Artibai, Ibaizabal, Zadorra eta Arakil. Lurraldearen % 98k Bizkaiko itsasora isurtzen dituzte urak, eta gainontzekoek Ebro ibaira.
-
Gipuzkoan 8 unitate hidrogeologiko daude eta horietako material iragazkorren azaleratzeek Gipuzkoa osoko gainaldearen % 18 hartzen dute. Gipuzkoako Lurralde Historiko osoan dauden lurpeko baliabide berriztagarriak urteko 492 Hm3-tan estimatzen dira.
-
Gipuzkoako biztanleria 675.000 lagunekoa da, eta horiek 1980 km2-tan banatuta daude. Biztanle gehienak kostatik gertu eta ibai eta estuarioetan bizi dira.
-
Giza jarduerarik ezean, ura etengabe duten Gipuzkoako estuarioak eta ibai sare osoa era askotako espeziez eratutako arrain komunitate finkoz beteta egongo lirateke.
-
Gipuzkoan era askotakoak dira ur, ibai eta estuarioetan eragina duten presioak. Hori dela eta, ibai uren % 70 Uraren esparruko Arteztaraua ezarritako epean ez betetzeko arriskuan daude. Dauden 6 estuarioetatik 5 Uraren esparruko Arteztaraua ez betetzeko arrisku nabarmenean daude.
URAREN KALITATEA
-
Iraganean eta egungo egunotan presiorik garrantzitsuena hiri eta industriaren isurketa kutsatzaileek eragiten dute. Hiriko isurketak urtean 60 Hm3-tik gorakoak dira, eta industriakoak urtean 30 Hm3 inguru dabiltza. Eskualde batzuetan abelazkuntzako isurketak uraren kalitatea aldatzeko iturri izan daitezke.
-
Gaur egun hondakin urak arazteko 9 estazio daude abian: Txingudi, Legorreta, Zarautz, Urola Garaia, Badiolegi, Zumaia, Getaria, Deba-Itziar eta Mutriku. Beste 2 estazio laster irekitzeko moduan daude: Loiola eta Apraiz. Eta beste 3 (Epele, Bergara eta Aduna) eraikitzen edo proiektuan daude. Horri guztiari esker, % 65 murriztu dira ibai eta estuarioetara isurtzen diren kutsatzaileak.
-
Uraren kalitatea, 1980an, txarra baino txarragoa zen ibai sare eta estuarioetako gune nagusienetan, eta unitate hidrologiko gehienak ziren gutxi-asko kalitate txarrekoak. Ibaietako zati asko eta hainbat estuariok ez zuten arrain fauna finkorik uren kalitatea eskasa zelako.
-
Azken urteetan, hiri eta industriako isurketa kutsatzaileak murrizteari esker, uren kalitateak hobera egin du nabarmen hainbat unitate hidrologikoetan: Bidasoa, Oiartzun, Urumea eta Urola, baita Orian ere arinki bada ere. Debako unitate hidrologikoan kalitate txarrak bere hartan jarraitzen du. Oro har uraren kalitatea hobetzeak arrain fauna berriro bere onera etortzea ekarri du.
-
Oraindik badaude eskualde batzuk, urak saneatu eta araztuta ere, hainbat arrazoi dela medio, uren kalitatea eta arrain fauna behar bezala berreskuratu ez dituztenak.
-
Hondartzeko mikrobio kutsadura gutxitu da, nahiz eta Gipuzkoako 15 hondartzetatik 7an oraindik urak bainatzeko egokiak ez izan.
-
Aixolako urtegiko uren kalitatea eskasa da. Arriaran eta Urkulu urtegiak eutrofizatzeko arriskuan daude. Ereduek erakusten dutenez, Ibiurreko urtegia oso eutrofikoa izango da. San Anton, Aņarbe, Lareo, Barrendiola eta Ibai-Ederreko urak kalitate onekoak dira.
MORFOLOGIA
-
Gipuzkoako biztanleriaren zati handi bat ureztatze arrisku handiko eremuetako ibarretan kokatzen da. Ondorioz, ibaiak defentsa zurrunez bideratzeko lan asko egin behar izan dira, eta horrek aldi berean ibaien kilometro asko eta asko atzerakorik ez duen egoeran utzi ditu, batez ere Oria eta Debako unitate hidrologikoetan.
-
Uberkak zabaltzeak eta ibai ertzetako landaredia desagertzeak uraren tenperatura areagotzea dakarte espezie berezientzako onartezina izateraino.
-
Egoera hori are okerragoa da estuarioetan. Estuarioetako padura eta hezegune asko eta asko jada betiko galdu dira giza jardueren ondorioz: okupazioak, lehortzeak, ditxoak, dikeak, dragatzeak, eta abar. Urumean, adibidez, jatorrizko hezegunearen % 88 galdu da.
-
Aldaketa morfologikoetan, ibai estaltzeak nabarmendu behar dira. Gipuzkoan ehunka dira estalitako ibaien zatiak, batez ere bigarren mailako ibai sarean.
-
Ibai eta estuarioetan morfologikoki hobekien zaindu diren zonak Garrantzi Komunitarioko Leku (5 ibai eta 4 estuario) eta Hegaztien Babes Berezirako Zonen (1 estuariokoa) sarekoak dira.
-
Beste aldaketa morfologiko bat oztopo artifizial kontaezinek eragiten dute: 600etik gora Gipuzkoan, eta gainera gehienak gaur egun ez dira erabiltzen. Esan behar da, alabaina, azken 15 urteetan oztopo horietako dozenak kendu direla.
-
Oztopo artifizial horietatik 50ek baino ez dute arrainak ibaian gora igotzeko bidea; duela 20 urte bakar batek ere ez zuen, ordea, holako biderik. Abian dauden aprobetxamenduei atxikitako oztopoetatik (gutxi gorabehera 60, eta denak aprobetxamendu hidroelektrikorako) 5 dira bakarrik arrainak ibaian behera jaisteko aukera ematen dutenak.
-
Horrekin guztiarekin, esan daiteke beraz azken urteetan arrain espezie migratzaileentzat egoerak onera egin duela, eta horri esker Urumea, Oria eta Oiartzungo unitate hidrologikoetan izokina berreskuratu dela, hein batean bada ere.
-
Ibai zati asko ur emariaren gorabeherei lotuta daude, zentral hidroelektrikoek, urtegi handiek eta hiri, industria eta abelazkuntza hornitzen dituzten hartuneek ibai horietako emaria bereganatzen dutelako.
-
Arrazoi horiek eta beste batzuk tarteko, arrainak ez diren bestelako faunek ere aldaketa nabarmenak izan dituzte. Honako espezieak arrisku larrian daude: piriniar desmana, europar bisoia eta bertako ibai karramarroa.
-
Hidromorfologiaren arloko presioen (bideratzeak, estalketak, urtegiak, eta beste oztopo batzuk) eraginez, Gipuzkoako ibaietako ur masaren %30 Uraren esparruko Arteztarauarekin bat ur masa oso aldatu gisa izendatu da.
2. PREMIA ETA GABEZIA NAGUSIAK
-
Uraren kalitatea eskasa da saneamendu nahikorik eta/edo hiri edo industriako uren araztegirik ez dagoen lekuetan.
-
Zati batzuetan saneamendu eta arazketa aurreratuta edo amaituta egonda ere, uraren kalitatea (adierazle biologikoak) ez da berreskuratu nahi adina.
-
Zalantzak daude arazketa sistemen behar bezalako eraginkortasunari buruz, hau da, ez dago argi hainbat ur masa Uraren esparruko Arteztarauak ezarritako ingurumen helburuetara iritsiko diren.
-
Honako urtegietako uren kalitatea hobetu edo finkatu behar da: Aixola, Arriaran, Urkulu eta etorkizunean Ibiur.
-
Bigarren mailako ibai sareko adierazle biologikoak (ornogabeak eta arrainak) eta fisiko-kimikoak ez dira behar beste ezagutzen.
-
Abelazkuntzako isurketek uraren kalitatean duten eragina zenbatekoa den ez da ezagutzen.
-
Uren kalitatea kontrolatzeko sare batzuk Uren esparruko Arteztaraura egokitu beharra ikusten da.
-
Atzerakorik ez duten aldaketa morfologiko asko (ibaiak bideratu eta estaltzea, hezeguneak lehortzea...) daude, eta horiek arriskuan jartzen dute ibai eta estuarioetan Uraren esparruko Arteztaraua betetzeko eskakizuna.
-
Arrainen mugimendu eta migrazioentzat oztopo asko daude.
-
Aprobetxamendu hidroelektrikoek, ur horniketek, industriaren isurketek, eta abarrek ibaien emari aldagarriko erregimena errespetatu behar dute urte osoan zehar.
-
Arrainak ez diren fauna talde batzuen jarraipena egiteko programarik ez dago.
-
Garrantzi Komunitarioko Leku, Hegaztien Babes Berezirako Zona, babesgune eta mehatxuan dauden espezien kudeaketa areagotu beharra dago.
|
Bidali zure iritzi eta iradokizunak
|
|
 |
 |
 |
|